Zoru bero-emailearen bidezko berokuntza, uraren bidez, morteroaren geruzan hodia sartzea da, berotu beharreko lokalaren zoladura azpitik, eta beroa transmititzeko ura erabiltzen du. Urak zorua berotzen du eta zoruak beroa girora bidaltzen du.
Beroa zorutik goraka poliki eta etengabe doa, konfort handia sortuz eta gutxienez %6-12 energia aurreztuz.
Hormetan eta sabaietan bero-igorgailurik ez egoteak, dekorazioari eta altzarien kokatzeari begira aukera gehiago ematen du. Modu horretan, konforta eta estetika handiagoa da.
Osasunaren ikuspuntutik, aire-korronterik ez dagoelako nekez harrapa daiteke arnas gaixotasunik.
Sabai altuko lokaletan –elizak, auditoriumak, antzokiak, zinema aretoak…– askoz ere energia gehiago aurrezten da, airearen bidez bakarrik beroa emateko sisteman baino.
APLIKAZIOAK
HAURTZANDEGIAK ETA IKASTETXEAK:
Bereiziki egokia da, izan ere, zoru hotzak eta aire-korronteak errazten dute katarroak-eta harrapatzea.
ALTUERA HANDIKO LOKALAK ETA PABILOIAK:
Mota horretako lokaletan, zoru bero-emailearen bidezko berokuntza ezinbestekoa da, izan ere, pertsonek jarduten duten bolumena gehienbat berotzen du, alegia, zorutik bi metro gora bitartean. Beste motako berokuntzak lokalak irregularki berotzen ditu, eta ondorioz, kalorien galera nabarmena izaten da; horrek energia eta ekonomiaren gastua dakar. Mota horretako lokalak ondokoak izan litezke: elizak, antzokiak, zinema aretoak, polikiroldegiak, biltegiak, tailerrak, lantegiak…
IGERILEKUAK:
Oinutsik ibili behar den lokal mota guztietan berokuntza hau oso atsegina da, adibidez, igerileku estaliak, masaje aretoak, errehabilitazioa, hidroterapia…
NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA:
Negutegietan lurzoruaren eta landare-lurraren artean jartzen da hodia –isolatu gabe–, eta emaitzak ikaragarri onak dira, uztaren abiadurari eta kalitateari begira. Abeltzaintzan, erditu, inkubatu eta hazteko aretoetan jartzea oso interesgarria da, modu horretan hilkortasuna gutxitzen da eta abereak izugarri ondo hazten dira.
ESTALI GABEKO GUNEAK:
Zoru bero-emailearen sistemak bakarrik bero ditzake estali gabeko guneak, izotzik edo elurrik ez izateko. Uraren tenperatura hamar eta hamabost gradu zentigrado artean baldin badago, kirol zelaiak, lurreratzeko pistak, errepideak, espaloiak, garajetako irteerak… ez dira izozten.